XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xehetasun bakar hauek gure nolabaiteko irudia azal diezagukete hiriari buruz.

Ez dago, bestalde, esajeratu beharrik ere.

Hiriaren eta bizitzaren arinkeria da azpimarratu beharrekoa.

Baina azkar igarotzen dira egunak azturak sortzen diren neurrian.

Gure hiria, hain zuzen, aztura zale den momentutik, gauzak ondo doazela esan daiteke.

Ikuspegi honetatik bizitza ez da, zinez, grinatsuegia.

Gutxienez, ez dugu desordena ezagutzen gurean.

Eta gure populu jator, atsegin eta lehiakorrak, arrazoizko estimazioa jaso izan ohi du beti bidaiariaren aldetik.

Pintoreskotasunik, landareriarik eta arimarik gabeko hiri honek lasai itxura izango du azkenean, lo egin daiteke bertan azken finean.

Baina bidezkoa da esatea paisaia paregabe batean txertatuta dagoela, ordoki bilutsi baten erdian, muino argitsuz inguratuta, forma bikaina duen badia baten aurrean.

Deitoragarria den gauza bakarra hiria badia honi bizkar emanez eraiki izana da eta, hala, ezingo da itsasoa antzeman beraren bila joan gabe.

Honetara heldurik, lan handirik gabe onartuko duzue gure hiritarrek ez zutela inolako motibotik urte hartako udaberrian gertatutakoak espero izateko eta, ondoren konturatuko ginenez, kronika honetan jasotzen saiatuko garen bata bestearen atzeko gertaera larrien lehenengo ezaugarriak baino ez ziren izango.

Gertakizun hauek naturalak irudituko zaizkio zenbaiti, eta beste zenbaiti, aldiz, sinistezinak.

Baina, azken batean, kronikari batek ez dauzka kontuan izan beharrik honelako kontraesanak.

Soilik zera esatea da bere zeregina: Hau gertatu da, badakienean, jakin, hori benetan gertatu dela, horrek herri oso baten bizitzan eragina izan duela, eta milaka testigu daudela, berak azaldutako egia bihotz bihotzetik estimatuko dutenak.

Gainerakoan, kontalariak, betiere bere momentua heltzerakoan ezagutuko dugunak, ezingo luke inola ere kontalari izena mereziko era honetako zereginean, baldin eta halabeharrak, hainbat aitorpen jasotzeko egoeran ez egoteaz gainera, gauzen indarrak kontatu nahi izan duenarekin nahastuta egotera bultzatu izan ez balu.

Horrexek ematen dio historialari lana egiteko baimena.

Jakina, historialari batek, nahiz amateurra bada ere, dokumentuak izan ohi ditu beti eskuan.

Historia hau kontatzen duenak, beraz, baditu ere bereak eskutan: bere testigantza hasteko, besteenak ondoren, zeren, bere eginkizuna zela eta, kronika honetako pertsonai guztien esangurak jasotzera behartua bait zegoen, (...).